Kategoria: Bestelako berriak

Jokalari berria emakumezkoen taldera: Beatriz Sanjurjo, 30 urteko Madrildarra, 164zm eta 76kg-ko pisuarekin. Bere postua: lehen lerroa. Ohorezko mailan jokatu du azken urteetan eta 18/19 denboraldian Kataluiniako selekzioarekin jokatu zuen lehen aldiz. Elkarrizketa labur bat egin diogu, pixkat ezagutu dezazuen:

Nola hasi zen zure rugbier bizitza?
– Gehiengoak bezala, unibertsitatean. Geológicas taldean hasi nitzen, UCM-en. Ondoren, nire Erasmusean zehar Budapesten jokatu nuen Exiles taldean errugbi 7ra. Itzuli nintzenean hau zela nirea erabaki nuen, eskubaloia utzi nuen eta Olimpico de Pozuelo taldean federatu nintzen maila gorenean jokatzeko helburuarekin.

Bartzelonatik ere pasatu zinen, ezta?
-Bai, ez zait geldirik egotea gustatzen eta harantza joan nintzen, nire sektorean lanik zegoen ikustera. Bi talderekin probatu nuen,
INEF bcn eta poblenou (garai hartan Barcelona Enginyera Rugbi, eta ondoren CNPN rugby). Anbiente familiarrak eta egin zidaten ongietorriak asko erakarri ninduten eta poblenoun geratu nintzen 4 urtez. Bi urtez Ohorezko mailako igoera fasera heldu ginen, baina emakumezkoen talde gehienetan bezala aurrekontu faltak errendimenduan eragiten zuen eta ez geuden behar zen mailan.

Eta zein da zure sektorea? Zertan egiten duzu lan?
– Biologia ikasi nuen, txikitatik gustatu izan baitzait gauzak nola funtzionatzen duten jakitea. Etologian espezializatu nintzen, animalien jokaerak ikuspuntu aplikatu batetik, eta ez klinikotik, ikertzen dituen alorra. Gaur egun txakur hezitzailea naiz: pertsona eta txakurrei laguntzen diet elkar ulertu daitezen, elkarbizitzan sor daitezken gatazkak konpontze aldera. Gatazka hauek gehienak, jokabide agresibotatik hasita estresarekin lotutakoetararte, espezieen artean ondo ulertzen ez garelako gertatzen dira (askotan ezta gure buruarekin ere).

Eta orain Eibarrera zatoz, zerk ekarri zaitu hona?
– Ba aurretik aipatu dudanak, leku berriak deskubritzea gustatzen zait. Txikia naizenetik Asturiasera joan naiz oporretan eta Kantabrikoa gustuko dut. Denbora batez hemen bizitzeko gogoa neukan eta errugbi jokalari moduan garatzen jarraitu nahi nuen, horregatik Eibar aukera onena iruditu zait. Azkenengo urte hauetan proiektua jarraitu dut, lan egiteko modua gustatzen zait eta nire zatitxoa jartzea nahiko nuke.

Eta lagun askok egingo zizuten galdera: zer gertatuko da zure Olimpicoko lagunen aurka jokatzean Ibedrola ligan?
– Niretzat errugbia familia bat da. Klub edo selekzio baten jokatu dudan guztietan nire familia handitu dut, lagun zoragarriak aurkitu ditut eta errespetu eta estimu handia diet. Jokatzen urte batzuk daramatzazunean, aurrean dauzkazun aurpegi gehienak ezagutzen hasten zara eta niri asko gustatzen zaidan lehiakortasun on bat sortzen da. Aurkari gabe ez dago partidurik, eta gehien disfrutatzen diren partidak zure onena ateratzen dituztenak direla uste dut. Taldekide ohien aurka jokatzeak asko motibatzen nau, lagunen artean eta aurka jokatzen disfrutatzeak errespetu eta joku garbiarekin. Eta ondoren hirugarren denbora on horietako bat egitea.

Zer uste duzu ekarri dezakezula taldera?
– Hau galdera zaila da. Niretzat jokalari moduan zer izatera heldu nahi dudan galdetzea bezala da. Nire helburua taldeari oreka puntu bat ematea da, arlo emozionalean eta jokoan. Taldearen kohesioan laguntzea gustatuko litzaidake eta lan gogorraren adibide izatea ere nahiko nuke. Entrenatzaile batek behin esan zidan “adibidearekin lideratzen da” eta buruan gelditu zitzaidan. Maila hain altuan jokatzeko fisiko eta mentalki gertu egon behar dugu, eta orain hori asko lantzen dut. Gimnasioa, elikadura, bideoen analisia… Teknikoki, aurrelari moduan fase estatikoak menperatzea eta jokuaren bisioa izatea nahi dut, oraindik asko lantzeko daukat aspektu honetan.

Ongi etorri Bea, espero dugu laster zelain ikustea.
– Eskerrik asko! Hasteko eta taldekideak ezagutzeko gogo handia daukat. Laister izango nauzue bertan.

Azken albisteak