Kategoria: Eskola ERT

Gipuzkoako Selekzioa sub14k “SEI PROBINTZIAK – Clovis Leizagoyen” Torneoa irabazi zuen larunbat honetan Igorren. Txapelketan Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Côte Bassque, Bearn eta Nafarroako selekzioek hartu zuten parte.

Sei taldeak bi multzotan banandu ziren, eta hiru selekzioz osatutako bi ligaxka jokatu zuten. Multzo bakoitzeko lehenengo  postuan sailkatutako bi taldeek finala jokatu zuten.

AVIA EIBAR R.T.-ko Pello Diez jokalariak parte hartu zuen Gipuzkoako Selekzioan. Gainontzekoak  Bera-Bera, Atlético San Sebastián, Zarautz-Beltzak eta Ordizia-ko kideak izan  ziren.  Jokalariak motibazio handiarekin iritsi ziren Igorrera, eta lehenengo momentutik oso jarrera onarekin ekin zioten txapelketari.  Bizkaia eta Arabarekin jokatutako bi neurketetan oso joku maila ona erakutsi zuten eta  bere multzoko lehenengo postuan sailkatu ziren.  Finalean Côte Bassque selekzioari irabazi zioten, oso lehiatua izan zen partida batean.

Sari banaketaren ostean, sei selekzioetako jokalariek Hirugarren Denbora ospatu zuten Igorreko txosnagunean, herriko jaiak hasi baino ordu batzuk lehenago.

Ba dira 6 urte “Sei Probintziak“ Torneoan bat egiten dutela Ipar eta Hego Euskal Herriko errugbi federazioek.  “Clovis ELeizagoyen” izena darama gaur egun,  2015ean hil zen Iparralde eta Bearn-eko errugbi federazioko lehendakariaren omenez. Bera izan zen Torneo honen bultzaileetako bat, Bidasoako bi aldeetako errugbi munduaren harremana indartzeko helburuarekin sortua.

Azken albisteak