Amaiur Mayo-k 10 urte baino gehiagoko esperientzia dauka errugbiaren munduan, ibilbide luze honetan behin baino gehiagotan Espainiako selekziotik deitua izan da eta Euskal selekzioko erreferente bat da. Gaur egun emakumezkoen taldeko kapitaina da eta bertan, lehenengo aldiz Euskal Liga irabaztea, Ohorezko B mailara igotzea eta Ohorezko A mailako igoera fasea jokatzea lortu dute.
–Amaiur Mayo, dudarik gabe, elkarrizketari hasiera emateko jokatu berri duzuen Ohorezko A mailarako igoera fase honi buruz galdetzen hasiko gara. Nola bizi izan duzu? Posible al zen igoera lortzea?
Hasieran gure helburua Euskal Liga irabaztea zen eta hau inoiz ahaztuko ez dudan lorpena izan zen. Igoera fasea aukera bat bezala ikusten genuen, geneukan guztia emateko eta disfrutatzeko. Jardunaldiak aurrera zioazen heinean, talde indartsua ginela konturatzen hasi ginen, nahiz eta jende gazte eta esperientzia gutxidun jokalari asko egon.
Hurrengo helbururik altuena proposatu genuen, finalerdietara heltzea eta ondoren finalerako aukera izatea; final erdian konpontzen jakin ez genituen arazoak izan genituen eta gure akatsek aurkariari puntuak lortzeko aukera eman zien. Gure ametsa Valentzian gelditu zen, baina pertsonalki eta baita taldean ere, uste dut oso pozik gaudela egindako denboraldiarekin eta harro egon behar dugu lortu dugun guztiarekin. Orain dela urte batzuk ez genuen uste hau lortzea posible izango zenik.
–Emakumezkoen taldeko kapitain bezala…Zer uste duzu aldatu dela taldearen barruan hazkuntza hau lortzeko?
Esan behar dut faktore asko direla hau lortzen lagundu dutenak, bereziki eskertu nahi dut emakumezkoengan egindako apustua Cristina Guntin bezalako entrenatzaile bat ekarriz. Berataz gain, zuzendaritza osoa eta staff teknikoa gure gainean egon dira behar genituen behar guztiak asetzen, hobetzen eta hazten laguntzeko.
Jokalari guztien inplikazioa, eta ikasi eta hazteko gogoa ere oso garrantzitsuak izan dira. Eta zer esan zaleetaz eta gure inguruko jendeaz, hasiera hasieratik sinistu dute gugan eta honek bultzada bat eman digu guk ere gugan sinisteko.
-10 urte baino gehiagoko ibilbidea eta zure gaitasunekin…ziur beste klub batzutan lehiatzeko eskaria jaso duzula… Beste talde batera joateko aukerarik izan duzu? Zergatik Eibar?
Egia esan badira urte batzuk maila altuagoko talde baten lehiatzeko gogoa neukala, ASB edo Getxo esaterako, baina Eibarren gelditzea erabaki nuen, martxan zegoen proiektuak merezi zuelako.
CRAT taldeak 2018/2019 denboraldi honetan eurekin jokatzea eskeini zidan, baina aurretik esan bezala, AVIA Eibar-ek zeuzkan helburuak merezi zutena pentsatu nuen eta egia esan ez naiz damutzen. Asko disfrutatu eta ikasi dut.
–Kontatuiguzu negar, barre, nostalgia bizi izan duzun momenturen bat..
Ez nuke momentu zehatz bat aukeratzen jakingo. Uste dut kirol honek hori daukala. Egia da hasi ginenean mila huts galtzen genuela eta horrek triste jartzen gintuen, baina elkarrekin egotea baloratzen genuen eta gehiago errugbiarekin disfrutatu eta gure aisialdian lagunekin eta familiarekin egotea.
Esan behar dut Euskal selekzioko eta Espainiako selekzioko konbokatoriekin emozioz negar egin nuela. Inoiz ez nuen pentsatuko horrelako zerbaiten parte izango nintzenik eta egia esan, honetaz kontziente ez izaten jarraitzen dudala uste dut.
Momentu zailenetan, eta baita onetan ere, lagundu nauten pertsona guztiak eskertu nahi ditut, nigan sinistu dutenak.