Kategoria: Bestelako berriak

Gaur Poseidonek kale egin digu! ez dugu izan ez lokatzik, ez euririk, ez eta haizerik. Horren ordez, Eibarko Unbeko kirolgunean igande goiz eguzkitsu batez disfrutatzeko aukera izan dugu. Behingoz xaboi gutxiago erabiliko dugu gure gazteen erropak garbitzeko!
Oraingo honetan gure etxean jokatzen da Rugby Topaketa eta guztira lau talde elkartu dira: La rioja, Gztedi ( gazteiztarrak ), Arrasate eta Eibar.
Horrela, 2019ko urriaren 27an, rugbylari gazteenek, 10 eta 12 urte azpiko neska mutilek hain zuzen ere, gustukoen duten kirolean aritu dira.
Gorputzeko beroketak egin ostean, giharrak prest izateko eta kalte handirik ez jazateko, lehenengo txandari hasiera eman zaio: 12 urte azpikoena. Norgehiagoka politak ikusi ahal izan dira. Adin hauetan, emaitzak ez du garrantzirik, talde kohesioa eta formakuntza lantzea baizik. Horrela, entrenatzaileek gazteei jokaldiak erakusten zieten, markagailuari begiratu gabe.
Bigarren txandan berriz, gaztetxoenek jokatu dute, 10 urte azpikoek hain zuzen ere, beraien ilusioa eta kemena agerian utziz.
Bukaeran, hirugarren zatiari ekin diogu. Horrela indarrak berreskuratzeko, antolatzaileek ogitartekoak eta edariak banatu dizkiete jokalari gaztetxoei, entrenatzailei eta epailei.
Lerro hauen bitartez rugbyarekiko zaletasuna bultzatzen laguntzen duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

 

LINK

 

Azken albisteak