Errugbyari dagokionez, emozioz beteriko asteburua izan da Eibarren, nesken taldeak ohorezko B mailara igotzeko lehiatzen zuen eta mutilek, sailkapenean hirugarren postuan dagoen Crat a coruñaren aurka jokatzen zuten etxean.
Jardunaldia urtarrilak 20, igandean jokatu zen Unbeko zelaian.
Garate epaile kantabriarrak eman zion hasiera gogorra izango zen partidari, non bi taldeek lan handia egin beharko zuten partidua irabazteko. Lehenengo zatian talde eibartarrak kanpotarren akatsez baliaturik metro asko irabazi zituen, eta talde galiziarrak eginiko zigor kolpeak aprobetxatu zituzten Gaizkaren hankei esker markagailuan aurre hartzeko. Crat-ekoek aldiz, 5 puntuak etxera eramatea nahi zituzten eta horregatik, euren jokoari eusten jarraitu zuten. Hala ere, eibartarren defentsa onak eraso guztiak geratzen zituen, galiziarren animoak jaitsiz. Avia Eibar Rugby Taldeko mutilen akatsen ondorioz, galiziarrek bi entsegu lortu zituzten. Horrela, atsedenaldira heltzean markagailuak 9-12 erakusten zuen.
Bigarren zatian eibartarrek berdin jarraitu zuten, Crat gogor bati aurre eginez. Eibartarrek baina, galiziarren defentsa haustea lortu zute eta horrela, norgehiagoka irabazteko balio izan zuten hiru entseguak lortu zituzten. Partidua eibartarren aldeko 26-22koaz amaitu zen, oso garrantzitsuak diren 4 puntuak lortuz.