Kategoria: Eskola ERT

Pasa den ostiralean AVIA EIBAR  R.T.-ko Eskolaren kurtso amaiera izan zen, sub10, sub12 eta sub14-ko  hiru kategoriek egin zuten denboraldiko azken entrenamenduarekin. Arratsalde berezia izan zen, Eskolako hiru taldeetako joikalariek batera ospatutako “hirugarren denbora” batez borobildua.

Klubeko kirol zuzendaria, Gaston Ibarburu, pozik agertu zen aurten Eskolak izan duen  bilakaerarekin. Bere esanetan, epe luzera begira kirol emaitzak lortzerako, nahitanahiezkoa da aurretik eskola eta harrobia lantzea. Izan ere, Eskolako proiektu berria hasi zenetik, duela 3 urte, izandako hazkundea oso nabarmena  izan da. Garai hartan, haurren kopurua oso baxua zen, eta sub12an baino ez zegoen talderik. Gaur egun, 3 kategorietan dago ekiipo bana: sub10 (19 lagun), sub12 (14 lagun) eta sub14 (17 lagun). Neska eta mutil gehiago erakartzeko lan handia egin da, baina, batez ere, errugbiaren baloreak zaintzeko oso lan garrantzitsua burutu  da. Oso ondo prestatutako entrenatzaileek zuzendu dituzte eskolako ekipoak, eta jokalari bakoitzeko erritmoak errespetatzea lehentsi egin dute, kirol emaitzak lortzeko presarik izan gabe.

Bere aldetik, Eskolako koordinatzaileak, Cristina Gutin, guraso, jokalari,  entrenatzaile eta delegatuen  arteko elkarlana goraipatu du. Egunez egun egindako lan zintzo honi esker, giro ona nagusitu  da Errugbi Eskolan, elkartasuna eta errespetuan oinarritutako baloreak indartzen kirolaren bitartez.

Halaber, azpimarratzekoa da ere AVIA EIBAR R.T.-k kirolean  gero eta berdintasun maila handiagoa izateko egin duen apostua, errugbia gizonen gauza  baino ez  den ustea gainditzeko pausuak ematen.

Horrela, entrenatzaileak eta arbitroak izateko formakuntza emateaz gain, Klubeko zuzendaritzako kideak ere izateko emakumeak prestazten ditu AVIA EIBAR R.T.-k

Klubak, ahalik eta neskato gehien errugbira erakartzeko ahalegin berezia egiten ari da, gaur egun Eskolan  oraindik ez dagoen berdintasunean aurrera pausuak emateko  helburuarekin. Izan ere, taldeetan dagoen nesken kopurua 2 eta 4 artekoa baino ez da.

Era berean, AVIA EIBAR R.T.-arentzat oso garrantzitsua  izan da  gure gizartean dagoen aniztasuna klubean ere isladatzea. Modu honetan,  kultur jatorri ezberdinak dituzten neska, mutiko eta helduak Klubeko parte dira eta bertan eroso sentitzen dira.

Hurrengo ikasturteari begira, AVIA EIBAR R.T.-k gonbite luzatzen die errugbia probatu nahi duten mutil eta neska guztiei, Klub-eko Eskolarekin entrenatzera hurbil daitezen.

Horretarako, Klubarekin harremanetan ipini zaitezke, ondoko emailera idatziz edo telefonora deituz:

eibarugby@eibarugby.com

Tfno: 627 959 658

Azken albisteak