Gimnasia erritmikotik errugbira, hau da Ainhoa Arambarriren istorioa. Eibar errugbiko neskekin elkartu berri den neska gazte bat.
– Txikitatik gimnasia erritmikoan ibilia, eta orain, errugbia probatzera animatu zara… Zer dela eta aldaketa hori? Zerk erakarri zizun errugbia probatzera?
Duela 3 urte utzi nuela gimnasia, baina neska txikiei eskolak ematen aritu naiz eta epaile nazionalaren titulua ere badut. Utzi nuenetik, taldean lan egitea falta botatzen nuen, baita entrenatzea eta talde bateko taldekide sentitzea…Maitane, ohorezko mailan jokatzen duena, nire klasean dabil eta konbentzitu egin ninduen probatzera. Eta pentsatu gabe, hemen nago.
– Orain Eibartarren klubeko kide zara, iaz maila nazionalean igotzea lortu zutenen parte… Zeintzuk izan dira zure lehen inpresioak taldearekin?
Egia esan, hasiera batean enbarazu egiten nuela sentitzen nuen. Baina ez taldekideak horrela sentiarazten nindutelako, baizik eta hasieran pixka bat zabaltzea kostatu zitzaidalako. Gainera errugbian ez nuelez inoiz ere ez jokatu, arraroa iruditzen zitzaidan dena. Denborarekin, uste dut taldeari egokitzen ari naizela, ez haien mailari, noski, baina beti laguntzen didate, beti daude prest edozer azaltzeko eta gauzak ondo egiten ditudanean ere esaten didate eta hori, eskertzen da. Taldean giro ona dago eta hori asko gustatzen zait.
– Gimnasia erritmikoko irakaslea izan zara eta goi-mailako kirol-ikasketak egin dituzu… Uste duzu inoiz errugbiko entrenatzailea izango zarela?
Nork daki. Egia esan, aurten, nire asmoa ahal dudan guztia ikastea da, asko entrenatzea eta, nolabait, taldeari laguntzea. Ez nago etorkizunean pentsatzen ari oraintxe bertan; badakit kirol hau gustatu zaidala eta jarraituko dudala entrenatzen ikasteko eta hobetzeko helburuarekin. Momentuz hori da buruan daukadan bakarra, eta nire aldetik, dena emango dut.
– Zure ustez, zer ekarpen egin diezaioke gimnasia erritmikoak errugbiari?
Uste dut oso kirol desberdinak direla, ez dutela zerikusirik haien artean. Baina kontua da, Gimnasia Erritmikoan eta Errugbian bezala, entrenatzaileek balio batzuk ematen dituztela, bi kirolek diziplina handia eskatzen dutela eta bi kiroletan taldean lan egitea baloratzen dela.